Lur azpiko fauna
Kiropteroak Aralarko mendilerroan
Juan Tomás Alcalde

Gako hitzak

kiropteroak, ultrasoinuak, dibertsitatea.

Sarrera eta metodologia

Aralarko Mendilerroa lurralde zabala eta altu samarra da (itsas mailatik 500-1345 metrora), bi autonomia erkidegoren artean dagoena. Ipar isurialdea hotzagoa eta euritsuagoa da, eta hegoaldekoa berriz, beroagoa eta lehorragoa. Nagusi diren basoak pagadiak dira, baina badaude bestelako habitat batzuk ere, hala nola haritz arrunteko eta haritz kandugabeko hariztiak, gaztainadiak, larreak eta txilardiak. Saguzarrentzat egokiak diren babesleku ugari daude: 

zuhaitz zaharrak, leizeak, amildegiak, mehatzeak eta harkaitzak. Faktore horiek beren barruan hainbat kiroptero espezie izatea ahalbidetzen dute baina, bestalde, badaude mendilerro honek bere baitan ugaztun horien populazio handiak hartzeko ahalmena murrizten duten beste batzuk: klima euritsua eta altueretako hotza eta, gainera, urte sasoi jakin batzuetako presio turistikoa. 

Azken 20 urteotan, hemen laginketak egin dira hainbat metodo erabiliz, bertako kiroptero espezie guztiak ezagutzeko eta aurkitutako kolonien errolda egiteko. Aleak harrapatzeko, sare finak eta arpa tranpak ezarri dira basoaren barruan, babesleku izan daitezkeenen sarreran (leizeak, amildegiak eta eraikin abandonatuak) edo ubideetan. Aleak zuzeneko behaketaz, biometriak hartuz edo saguzarrek emititutako ultrasoinuak grabatuz eta aztertuz identifikatu dira; horretarako, heterodinaje eta denbora zabalduko sistemak dituzten detektagailuak erabili dira.

Kolonia batzuen zentsua egiteko, multzoen argazkiak eta argi infragorria duten bideo grabaketak egin dira iluntzean.

Mendukiloko leizean interes bereziaz lan egin da; izan ere, barrualdea xehetasunez aztertu zen 4 aldiz eta gaueko laginketak egin ziren 5 gauez.

new



Aurkitutako espezieak

Orain arte, 16 espezie aurkitu dira Aralarren (Galán, 1997; Alcalde eta Escala 1999; Aihartza, 2004; Alcalde, 1995, 2005a, 2005b; Garin et al., 2008). Horietatik, 7 kasmofiloak dira (harkaitzen eta eraikinen arrailetan gordetzen dira), 5 haitzulotarrak dira (leize, mehatze eta tuneletan babesten dira) eta 4 basokoak dira (zuhaitzetako hutsuneetan bizi dira). 1. taula. 

Sei espezie arruntak dira hemen, bai mendilerroko leku askotan aurkitu direlako, bai kolonia ugariak daudelako. Horiek guztiak ohikoak dira halaber bi autonomia erkidegoetan. Aitzitik, badirudi 7 urriak direla eta 3 oso urriak (zona batean edo bitan soilik aurkitu dira). Gutxienez 6 espezie Aralarren ugaltzen dira (1. taula).

Mendukilon 6 espezie identifikatu ziren leizean sartzen edo handik irteten, inguruan zebiltzan beste biez gain.

Espezie arruntak

Ferra saguzar handia (R. ferrumequinum) Aralarko hainbat leizetan bizi da, ipar nahiz hego isurian, eta ohikoagoa da neguan. Bi ugal kolonia ezagutzen dira, 20 eta 8 ale heldurekin eta beren kumeekin. Biak kobazuloetan kokatzen dira, itsas mailatik 620 eta 860 metrora, hurrenez hurren. Halaber, ale batzuek hibernatzen duten 7 leize ezagutzen dira.

Ferra saguzar txikia (R. hipposideros) ohikoa da halaber bi isurialdeetako leize batzuetan, neguan batez ere. Ez da ugal koloniarik ezagutzen, baina bai inguruan, altitude txikiko zonetan.

Geoffroy saguzarra (M. emarginatus) Aralarko hego isurialdeko hiru zonatan aurkitu da. 80 ale heldu eta beren kumeak dituen ugal kolonia bat ezagutzen da, leize batean kokatua (itsas mailatik 860 metrora). Ez dago neguko daturik.

Daubenton saguzarra (M. daubentonii) mendilerroa iparralde, hegoalde eta ekialdetik mugatzen duten erreketan (Larraun, Arakil) soilik dago ia; hor hazten ditu kumeak eta oso ohikoa da. Halaber, bi kobazulotan aurkitu da; bertan babesten da eta, ziur aski, hibernatzen du. Hala ere, kasmofiloa izateak zaildu egiten du bere babeslekuak aurkitzea.

Pipistrelo arrunta (P. pipistrellus) Aralarko 14 tokitan aurkitu da. Oso ohikoa da mendilerro guztian, zona altuenetan izan ezik, baina ez da leizeetan ibiltzen. Bereziki ugaria da herri batzuetan (Baraibar, Iribas, Astiz, Oderiz, Madotz), eta hango eraikinetan ugaltzen dela dirudi, eme ugaltzaile batzuk harrapatu direnez. Aralarren urte guztian dago.

Gau saguzar txikia (N. leisleri) bi isurialdeetako 8 lekutan entzun da, eta 7 ale harrapatu dira, arrak guztiak. Aralarren nahiz Iberiar Penintsulako gainerakoan (Andaluzian izan ezik), ugaltze garaian emerik ez izateak espezie hau ez dela area guztian ugaltzen erakusten du. Badirudi hori lotuta dagoela espezie honen izaera migratzailearekin eta arren eta emeen banaketa desberdinarekin.

new



Espezie urriak

Bechstein saguzarra (M. bechsteinii) altitude txikiko zona batean soilik harrapatu da, mendilerroaren hego hegalean, non zuhaitz zuloetan hazten baititu kumeak (Garin et al., 2008). Oso espezie ezohikoa da, eta bi autonomia erkidegoetan arriskuan dago; horregatik, kolonia hori oso interesgarria da.

Saguzar arratoi-belarri handia (M. myotis) ipar isuriko leku bakar batean identifikatu da, han bi ar harrapatu baitziren udan. Horregatik, espezie urria dela dirudi, eta ez dela hemen ugaltzen. Bi autonomia erkidegoetan eme ugaltzaileak harrapatu badira ere, espezie urria da bi lurraldeetan.

Natterer saguzarari dagokionez (M. cf. nattereri/escalerai), hiru ar harrapatu dira hego isurialdeko leize batean (itsas mailatik 550 metrora). Duela gutxi espezie hau beste bitan banatu da, baina oraingoz analisi genetikoen bidez soilik bereizten dira (Ibáñez et al., 2006). Ale horien lagin biologikorik ez dagoenez, oraindik ezin da ziurtasunez zehaztu harrapatutako aleak bi taxon horietako zeinetakoak diren.

Kuhl pipistreloa (P. kuhlii) Oderitzen eta bere inguruan soilik aurkitu da; bertan gutxienez ugalkolonia bat dagoela baitirudi. Mendilerroaren gainerakoan ez dago, baina arrunta da inguruko bailaretan (ad., Lekunberrin), hor hazten baititu kumeak.

Baratze saguzarra (E. eserotinus) Aralarko bi isurialdeetan kokatutako hiru lekutan entzun eta harrapatu da. Harrapatutako bi aleak arrak dira, leizeetan sartzen zirenak; horregatik, ez dago bertan ugaltzearen frogarik. Espezie arrunta eta ugaltzailea da inguruko bailaretan.

Baso saguzar arrunta (B. barbastellus) basoko saguzarra da, hego isurialdeko bi zonatan aurkitu dena. Udan ikusi da, eta baita leize batean hibernatzen ere, baina ez dago kumeak mendilerroan hazten dituenaren frogarik. Espezie ohiko samarra da bi erkidegoetako basoetan.

Hegoaldeko belarrihandi grisari (P. austriacus) dagokionez, bi ar harrapatu dira Aralarren hego isurialdean kokatutako kobazulo batera sartzean. Gainera, espeziea zehaztu ezin bada ere, beste belarrihandi batzuk ere entzun izan dira. Oraingoz, ezin izan da baieztatu bertan ugaltzen direnik, baina espezie arrunta eta ugaltzailea da mendilerroaren inguruetan. 

Oso espezie urriak

Ferra saguzar mediterranearra (R. euryale) hego isurialdeko bi kobazulotan aurkitu da: horietako batean ale hil bat aurkitu zen, eta bestean 4-8 aleko multzo txiki bat. Ondoren, ez da multzo hori aurkitu leize horretan; beraz, badirudi saguzar hori oso urria dela, eta baliteke Aralartik desagertu izatea ere. Bi autonomia erkidegoetan oso espezie urria da, eta arriskuan dago.

Mendiko saguzarra (H. savii) ultrasoinuez identifikatu da behin, ipar isurialdeko leize batean sartuta. Leize horretan behin eta berriro laginak jaso badira ere, ez da espezie hori berriro entzun; beraz, mendilerroan oso noizbehinka agertzen dela dirudi. Espezie hau Nafarroako zona jakin batzuetan soilik da ohikoa, adibidez kanoietan edo Pirinioetan.

Saguzar buztanluze europarra (T. teniotis) bi aldiz soilik entzun izan da, Aralarko hego isurialdean hegan. Oso espezie nabarmena denez entzun daitezkeen bere soinu ozenak direla medio, eta gauez ibilaldi luzeak egiten dituenez, bi entzuketak Aralartik igaro baina mendilerro honetan bizi ez diren ale isolatuei dagozkienak direla uste da. Bi erkidegoetan nahiko urria da, eta harkaitz handiak dituzten mendi edo ia amildegietan soilik aurkitzen da. Hiru leize daude multzoak edukitzeagatik aipagarriak direnak; altuera ertain edo baxuetan daude:

• 80 Geoffroy saguzarren ugal kolonia eta 5-15 ferra saguzar handi dituen kobazuloa. Ferra saguzar txiki, belarrihandi eta baso saguzar arrunt batzuk ere sartzen dira bertan. Itsas mailatik 870 metrora kokatzen da, hego isurialdean.

• 20 ferra saguzar handien ugal kolonia duen kobazulo bat. 640 metroko altitudean dago, mendilerroaren ipar isurialdean.

• 3 ferra saguzar handi eta 13 ferra saguzar txiki dituen azken leize bat; denak hibernatzaileak dira. 770 metrora dago, ipar isurialdean.

Eztabaida

Identifikatutako espezieei dagokienez, aipagarriak dira, oso urriak direlako, Bechstein saguzarra (Myotis bechsteinii), ferra saguzar mediterranearra (Rhinolophus euryale), biak arrisku larrian baitaude Aralarren elkartzen diren bi autonomia erkidegoetan. Neurri txikiagoan, aipagarriak dira halaber beste bi ferra saguzarrak (R. ferrumequinum eta R. hipposideros), eta baita Geoffroy saguzarra ere (Myotis emarginatus): horiek guztiak arriskuan daude eta guztiz babestuta Habitats Direktiban. 2. taula.

Aralarrek kiropteroen dibertsitate handia dauka (16 espezie), hiru kategorietakoak (haitzulotarrak, kasmofiloak eta basokoak) eta, ziur aski, identifikatu gabeko besteren bat ere badauka (Plecotus auritus, Myotis alcathoe edo Myotis mystacinus), bertan dauden habitat eta babesleku mota desberdinen isla. Espezie horietako batzuk oso baliotsuak eta urriak dira, mendilerro honetan ez ezik, inguruko lurraldeetan ere. Badirudi dibertsitate hori bertako habitaten kalitate onari eta, halaber, babesleku ugari egoteari zor zaiela. Hala ere, klimatologia gogorrak eta, beharbada, bertako presio turistikoak aleen kopurua mugatzen dute; horregatik, ez dago oso ugaria den koloniarik. Bi datuk erakusten dute klimatologia baldintzek (batez ere tenperaturak eta plubiositateak) Aralarko Mendilerroan kiropteroen dibertsitatea eta ugaritasuna murrizten dutela: 1) Ugaltze multzoak altitude ertain edo txikietan kokatzen dira (900 metrotik behera), eta altitude handiagoetako laginetan, arrak besterik ez dira harrapatzen, eta 2) Hego isurialdean dibertsitatea askoz handiagoa da (14 espezie) iparrekoan baino (8 espezie), nahiz eta laginketa gehiago egin azken horretan.

Astiz S.L. - 948 396 095 | mendukilo@mendukilo.com