Kobazuloa
Kobazuloa
Kobazuloa

Sarrera/Entrada

Orain arte espeleologo eta abenturazale gutxi batzuen eskura zeuden Aralarko erraiak, 2005eko udaratik aurrera edonork ikuskatzeko moduan jarri ditu Astitzko Mendukilo leizeak.

Zenbait zientzialariren aburuz, lur azpiak ikertzeke geratzen zaigun azken kontinentea osatzen du. Lur azpiko ingurune honen ezaugarri nagusiak, argitasun eza, hotza (Mendukilon 8-9ºC), hezetasun itzela (saturazio puntuaren mugan), CO2 kontzentrazio esanguratsuak, haize korronteak, mugikortasun arazoak...dira.

  Hau dela eta, egun dugun ezagutza maila eskasa ez da batere harritzekoa, gizakia lur azalera moldatutako espeziea baita. Honela, azken hamarkadetan espeleologoei mugaturiko ingurunea izan da lur azpia. Muga hauei aurre egiteko eta edonork Aralarko erraiak ezagutu ahal izateko, Astitzko kobak S.M. Enpresak Mendukiloko koba egokitu du.

Astitzko Kontzejuaren herri lurretan kokatua dagoen leize hau, mendeetan zehar mendi ukuilu gisara erabilia izan da. Baina 2005eko udatik aurrera, erabilpen berri bat izango du, bisitariak jasotzeko moduan atondu baita. Lur azpiak dituen berezko zailtasunak edonori errazteko asmoz, zaldain flotakor, argiztapen berezi (argi dinamikoak) eta multimedia sistemez hornitu da leizea. Honela, ibilbidea bere kasa bi pisu igo eta jaitsi ditzakeen edonorentzat egokituta dago. Bisita guztiak zonaldeko giden laguntzaz gauzatuko dira, gehienez 50 pertsonaz osatutako taldeetan. 60 minutuko iraupena izango duten bisita hauetan hiru gelaune ikusteko parada izango da:

 Artzainzulo: sarrerako gela izanik, argi naturala iristen da eta bere bolumen itzelari esker nahiko argiztatua egoten da. Gela honetan lehen formazio geologiko xumeak ikusiko ditugu. Gelaunearen amaierara iristean, Jentileioko tutuan sartu gara eta 28m jaitsi ostean (90 eskailera) kobaren erraietan izango gara. Hartz Zuloan gaude eta gela honek banatzaile gisara jokatzen du, bertatik gainontzeko gelaunetarako sarrera baitago. 

 Artzainzulo

Laminosin: gelaune honen ezaugarri nagusia, formazio geologikoen aniztasun eta kopuru itzela da: estalaktitak, estalagmitak, gourgs-ak...non nahi gertu-gertutik ikusiko ditugu.

 Laminosin/Sala de los lagos

 Herensugearen Gotorlekua: bisitatuko den azken gelaune honen ezaugarri bereizgarria bere bolumen itzela da (60m-tako luzera eta zenbait puntutan 20m-tako altuerara iristen da).

 Herensugearen gotorlekua/Morada del dragón

Bertatik berriro ere lur azalerantz abiatuko gara, kobazuloaren ahoan bisitari amaiera emanaz.

Bisitan zehar ikusten ez diren arren, kobak baditu beste bi gela: lehenengoa Gerlariaren gela izenez ezaguna, 50m luze gorantz eta bolumen handiko gelaunea da, bigarrena berriz, beherantz doan tutu estu bat da, Intxixuen gordelekua, hain zuzen. Bi hauetaz gain, Laminosin gelak ere badu bisitatzen ez den azken gelaune bat.

Bisitaren osagarri gisa eta irteerari ahalik eta etekin gehien ateratzearren, harrera etxe bat eraiki da leizearen kanpoaldean. Bertan, ikus-entzunezko gela, esposatze gunea, taberna, komunak eta denda xume bat ezarri dira. Ikus-entzunezko gelan 15 minutuko dokumental bat ikusteko parada izango da, Aralarko mendizerra oinarritzat harturik, lur azpirako eremuaren ezaugarriak plazaratuko dizkiguna. Esposatze gunea, lur azpia balitz bezala girotu da maketa-dekorazio baten bitartez. Bertan, koban ikus daitezkeen formazio geologiko ezberdinen aniztasuna ikusteko aukera izango dugu.

“Astitzko kobak, Mentrokillo, Mendukilo” new


Mendukiloko leizea irrikitan dago bere altxorrak erakusteko. Ikusi, ikasi, gozatu eta errespetatu.

Argazkilariak: Eneko Agirre eta Jabi Les

Astiz S.L. - 948 396 095 | mendukilo@mendukilo.com